Edurne Begiristain: Urte askotarako!

Euskalerria Irratia 2013ko api. 9a, 14:30

Urte berezia da aurtengoa gasteiztarrontzat. Urtemuga borobilen urtea. Hil honen amaieran 25 urte beteko ditu Gasteizko Gaztetxeak, eta abuztuaren 4an, berriz, 30 Hala Bedi irrati libreak. Bada zer ospatu, beraz, hirian. Gasteizko Gaztetxea eta Hala Bedi irratia herri mugimenduen bozgorailu eta tresna dira, autogestioaren eredu. Sorrerako izpirituari eutsita, mehatxu, inposaketa eta gorabehera frankori aurre egin eta bizirik mantendu diren bi herri proiektu dira.

Okupazioaren bandera Gasteizko muinoaren puntan ikusten da oraindik. Eta oraindik diot, ez baita makala etxe okupatu batek mende laurdena bizirik eustea. Ez zuten imajinatuko 1988ko apirilaren 28 hartan manifestazioan abiatu ziren 200dik gora lagunek 25 urte geroago okupatuta jarraituko zuela Gotzaigoaren eraikinak. Ez zuten imajinatuko hainbeste urtez amets ezberdinen topaleku izaten jarraituko zuenik muinoko etxeak.

Komunikatzeko modu ezberdin baten alde lanean hasi zuten gasteiztarrei ere ez zitzaien burutik pasako hiru hamarkadaren ostean uhinetan jarraituko zutela. Duela 30 urtekoabuztu hartan, jai giroan murgildurik zegoen hiriburu hartan, lan bolondresari esker hazia erein zuten horiek ez zuten pentsatuko euren proiektu txikia handituz eta haziz joango zela.

Letra txikiz idatzitako historia handiak dira Gasteizko Gaztetxea eta Hala Bedi irratiarenak. Proiektu herritar eta autogestionatuak. Belaunaldiz belaunaldi bizirik mantendu direnak. Hemendik, bada, zorionak eta urte askotarako!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!