Habermas irakurri bitartean hankarteko haragia astintzen hasi zen eta, klimaxera iristean, kleenexik eskura ez zeukanez periodikoko orrialdeetan isuri zuen. Behin gerta dakizuke, baina Joseba Arregik urteak daramatza Vocento taldeko tabloideak bere muki beroekin zipriztintzen; azkenekoa asteburu honetan bertan, zergatik eta, Amets Arzallusek Korrikaren amaieran esan zuelako batzuk uste dugula Euskal Herria euskaraz pentsatu behar dela. Biolentzia jariatzen omen dugu horrela pentsatzen dugunok.
Joseba Arregik ez dauka Twitter konturik. Desiatzen nago sor dezan. Bere kontu ofiziala izango litzateke Andoaingo Patriota Konstituzionalaz barre egiteko sor litekeen troll sofistikatuena. Eskola bereko beste pentsalari batek, Carlos Martinez Gorriaranek, behin baino gehiagotan botarazi dizkigu tripak bere magenta koloreko dosi txikiekin.
Imajina Arregi bera, Jon Juaristi eta Iñaki Ezkerra teknologia berrien trenera igoko balira: umoregile finenak lanik gabe utziko lituzkete. Telebistak inoiz antolatuko ez duen Operación Triunfo de La Libertad y Derrota del Terrorismo realitya minuturo ikusi ahalko genuke telefonoko pantailari begira.
Ez dakit zeren zain dagoen Luistxo Fernandez, bere mila intelektual Twitterren kanpainaren barruan pentsalari bipil hauek xaxatzen hasteko.