Lizentzia ukatzeko Gobernuak ilegaltasun bat asmatu duela salatu du Euskalerria Irratiak Parlamentuan

Euskalerria Irratia 2013ko martxoaren 27a

Talde parlamentario gehienek babesa eman diote irrati iruindarrari

Nafarroako Gobernuari azken irrati lizentzien banaketa zuzendu dezala eskatu dio Iruñeko Komunikabideak elkargoko ordezkariak Nafarroako Parlamentuan. Salaketa auzitegietara eta Europako erakundeetara eramanen duela iragarri du Mikel Bujandak gaur goizean Nafarroako Parlamentuko Kultura Batzordean egin duen agerraldian.

Balorazio Mahaiak baztertu egin zuen Iruñeko proiektuaren atal bat, “Kanpoan eginiko  programazioaren zatia”. Erabaki baztertzaile hori baino baino lehen,   puntuazioan lehena zihoan Iruñeko Euskalerria Irratia. Une horretan ustezko  ilegaltasun bat asmatu zuten, horren bidez Euskalerria Irratia emititzeko lizentziarik gabe utzi ahal izateko, behin berriro.

Nafarroako Gobernuak dio legearen aurkakoa dela Iruñeko irratiak berak ekoitzitako programazioari Euskadi Irratiak eginiko informazio saioak gehitzea.

Baina aise uler daiteke uste hori ustela dela, honako lau arrazoi hauetariko edozeini arreta emanez gero:

A) Europako Ikus-Entzunezko Zuzentarauaren arabera, irratien jarduera, ekonomikoa bezain kulturala da. Komunikazio soziala ez da salgai hutsa.   Esparru hau ez daiteke gidatu arau merkantilen aplikazio estu eta itsuaren bidez. Are gutxiago, hedabideak hizkuntza ahul babestuen adierazbide direnetan. Hizkuntza Txikien Babeserako Agirian jasoak dauden arauak bete behar dira.

B) Komunikazioaren alorrean, guztiz ohikoak dira izaera desberdinetako hedabideen elkarlanak: titularitate publikoa duen  prentsa agentzia batekin abonamendu kontratua dute hedabide pribatu askok. Nafarroako Gobernuak berak elkarlanerako Hitzarmena egina du Navarra Television enpresa pribatuarekin, euskarari zabalkundea emateko helburuarekin.

C) Iruñeko Komunikabideak SAk proposaturiko formulak  merkataritza librearen lege guztiak errespetatzen ditu, izan ere bi enpresa merkantilen arteko harremana baita: Eusko Irratia SA izanik Iruñeko Komunikabideak SAren hornitzailea.

D) Lehiaketa honetako oinarri, baldintza, arau guztiak  bete ditugu. Inon ez da agertzen irratien elkarlanerako debekurik, ez oztoporik.

Iruñeko irratiaren izenean, Nafarroako Gobernuari eskatu diogu zuzendu dezala  egin duen zuzengabakeria larria.

Besteak beste, antola dezala irrati baimenak banatzeko prozedura berria, frekuentzia gehiagorekin eta irizpide zehaztuekin.

Lehiaketa honen emaitzari begiratuz gero, moldakaizkeria izan da: Iruñeko irratietan lehenagotik eskaintzen zenaren  jenerotik gehiago baitago, alegia lehen  baino dibertsitate gutxiago.

Iruñerriko euskal jendearen komunikazio beharrak aintzakotzat hartu gabe jarraitzen du; euskarazko zerbitzu osoa eskaintzen duen irrati legalik ez baitago.

Honako lehiaketa honetan mesede egin diete, faboreko tratamendua eman irrati jakin batzuri, Iruñeko irratiaren programazioa baztertzeko erabaki  justifikaziorik gabekoari esker lortu baitute lizentzia.

Faboreko tratamenduaz ari garela, gauzatu gabe jarraitzen du Nafarroako Parlamenduak emana duen aginduak, kontzesioak kentzeko 98ko lehiaketan lizentzia hartu zuten emisorei.

Antz handia dute oraingo eta aurreko banaketa prozedurek: guztietan oztopatu da  lehian izan  diren proposamenen balorazio lana.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!