2002an Jon Salaberia orduan Sozialista Abertzaleak taldeko legebiltzarkide zenak, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura batean adierazi zuen ETAren borroka armatuak Euskal Herriaren eskubide legitimoen defentsari erantzuten ziola. Hori esatea “terrorismoa goraipatzea” zela ebatzi zuen orduan EAEko Auzitegi Nagusiak. Epaitu ere egin zuten, eta urtebeteko espetxe zigorra eta 7 urteko inhabilitazioa ezartzea erabaki zuen Auzitegi Nagusiak, Fiskaltzari arrazoia emanez.
Bi urte geroago, Auzitegi Nagusiaren erabakia atzera bota, eta Salaberria absolbitu egin zuen Espainiako Auzitegi Gorenak "terrorismoa goraipatze" delitutik. Orduan plazaratutako epaiaren arabera, legebiltzarkideen bortxaezintasuna edozein prozedura judizialen gainetik dago.
Bederatzi urte igaro dira Gorenak aurrekari hori ezarri zuenetik. Eta, orain, berriro, legebiltzarkide baten gainean jarri dute Damoklesen ezpata. Berriro Auzitegi Nagusia. Berriro terrorismoa goratzeko ustezko delitua. Laura Mintegiri egokitu zaio orain. Fernando Buesaren hilketak jatorri politikoa izan zuela eta heriotz hori, beste batzuk bezala, ekidin zitezkeela esateagatik ikertu nahi dute Eh Bilduko legebiltzarkidea.
Auzitegi Nagusiko fiskalaren asmoak zein ibilbide duen ikusteke dago. Baina kontua hori baino harago doa. Funtsean auzitan dagoena legebiltzarkideen bortxaezintasuna da. Eta hori baino gehiago ere bai. Garai berrietara egokitu ez, eta lubakietalko
jarreretan askoz erosoago dauden dektoreak oraindik badirela agerian geratzen ari da.