(Atzo) heldu omen zitzaigun udaberria. Negua elurtsu eta euritsua izan dugu. Lurrean dagoen ur multzoarekin, eguzkiaren lehenbiziko izpiekin lurra loratuko zaigu, gure bizitzak alaitzen lagunduz.
Nafar politika, berriz, ez dakit hain erraz loratuko zaigun. Eta beharko genuke. Gero eta jende gehiago ari da krisiaren aurrean hartzen diren neurriak, murrizketak esate baterako, sufritzen. Batzuk, larri sufritzen ere.
UPN-PP eta PSN alderdien aldetik ezin da ezer onik espero. Urteak daramatzate Nafarroako ondare publikoa kudeatzen eta datuak hortxe daude: langabeziaren kopuru eskandalagarria, prekarietatea, desberdintasunak, zerbitzu publikoen kalitate eta zabaltasunaren jaitsiera…
Nafar gizarte zati bat oso mugitua da. Solidarioa, ausarta, irudimentsua, borrokalaria. Baina, txikia oraindik. Mendietan, larreetan agertuko diren lore multzoen adina jende beharko zen kaleetan. Eta, egunero, gizarte taldeetan, bere denboraren zati bat gauza kolektiboei eskaintzen.
Orduan bai, orduan behar dugun udaberri politikoa ere helduko litzaiguke. Aurrera ba!