Joxe deitzen ez den arren, Joxe deituko dugun lagun bat etorri berri da lantokira ordezkapen bat egiteko.
Lagun hori eskailera altu batera igo zela, kontuz ibiltzeko esan genion, erori eta min hartuko zuen beldur baikinen. Joxek lasai egoteko esan zuen, berak zazpi bizitza zituela eta, katuek adina. Gero argitu zigun orain zazpi ez, orain hiru bizitza baino ez dituela.
Lehen bizitza bularreko angina sufritzean galdu omen zuen; juxtu-juxtu atera zen larrialditik orduko hartan eta berak badaki han bizitza bat galdu zuela. Bigarren bizitza auto istripu batean utzi zuen, autoa bidetik atera eta irauli ondoren, bide bazter ilun batean. Hirugarren bizitza eroriko batean galdu zuen, hirugarren solairuko igogailu-zulotik beheiti erori eta zoru gogorrean jota.
“Eta laugarrena?” galdetu genion. “Laugarrena, 1988an; hamar egunez inkomunikatuta egon nintzela Intxaurrondon kendu zidaten”.
Joxe deitzen ez den, baina Joxe deituko dugun laguna eskailerara igo zen berriz ere; Infernua —letra larriz idatzia— Lurrean ezagutu duena ez da eskailera baten beldur izaten.
Euskal Herrian badira izen batzuk izu-laborria sortzen dutenak; esan gabe doa, Intxaurrondo horietako bat da.
Intxaurrondo —letra larriz idatzia— ez da sinonimoen hiztegietan agertzen, baina agertuko balitz tortura, oinaze, basakeria, mina, heriotza eta infernu hitzak agertuko lirateke haren ordainetan.
Soldadu espainolen irudiak ikusi berri ditugu, atxilotu babesgabeak gupida gabe kolpatzen Iraken; faltan ditugu Intxaurrondon grabatutakoak.
Mario Benedetti idazle uruguaiarrak esaten zuen torturatzaile batek bere buruaz beste egiten badu, ez dituela egindakoak ordaintzen; baina bada zerbait.