Elixabete Garmendia: Beste podium bat

Euskalerria Irratia 2013ko martxoaren 21a

Argazkiak ez daude egunkarietan, Donostian harrapa daitezke, dozenaka, egun hauetan. Protagonistak txandalez jantzitako gizon-emakumeak dira, adinean gora doazenak, buruzuriak asko, iharrak denak. Hor doaz kalean, edo autobusean, Anoetara bidean edo Anoetatik bueltan. Europako Atleta Beteranoen Txapelketako partaideak dira.

Lehiaketa horri buruz gaurko egunkariak dakarren argazkian, hiru gizonezko ageri dira podiumean. Erdikoak ikurrinari eusten dio bi eskuekin, oraindik tolesdurak bistan dituen ikurrinari; soinean Euskal Herriko Selekzioaren elastikoa darama. Cesar Perez donostiarra da, 3.000 metrotan urrezko domina. Euskal Selekzioaren elastikoaren azpian Espainiakoa omen darama, eta horri esker igo ahal izan zuen podiumera. Ze, beste proba batean Euskal Herriko Selekzioaren elastikoarekin lehiatzen tematu zen Antxon Basurko, podiumetik kanpora utzi zuten; parte hartzeko bai, ametitu zuten nolabait, bigarren geratu zen gainera, baina ez zion ezertarako balio izan. Beste hiru atleta ere kanporatu omen dituzte arrazoi berberagatik.

Bukatu baino lehen beste podium bat altxa beharko dute Atleta Beteranoen Txapelketan: beraien herrian, beraien herriko zeinuekin eta ez besterekin lehiatu nahi duten atleta egoskorrentzat.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!