Jon Abril: Dimisioa eman

Euskalerria Irratia 2013ko martxoaren 21a

Igande goizaldean eta eguerdian Korrikan kilometroak egin ondotik, lagunarteko bazkaria izan nuen. Mahaira eseri, eta sare sozialen peskizan ginen bat baino gehiago, Barcinak UPNko presidente izateari utziko ote zion atezuan, eta ondorioz, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzatik dimitituko ote zuen. Lehenbizikoa ez zen gertatu, eta ondorioz, bigarrena ez da errenkadan etorri.

Eguesibarren, ordea, gertatu da hain gutitan gertatzen dena: orain arteko alkateak dimisioa eman du, zentsura mozioak beldurtuta, eta batez ere, ustelkeriak itota. Ez dut zalantzarik Etxeberria Andia baino alkate handiagoa izanen dela, bertzeren artean, UPNko agintariak erakutsi ez duen etikaz jokatuko duelako.

Tamalez, ez gaude ohituta inguru honetan ustelkeriak, hanka-sartzeak eta delituak dimisioarekin lotzera. Dimisioak ez du izan behar egindako kaltearen konponbide bakarra. Justiziak erran beharko du deliturik dagoen edo ez, eta nola konpondu behar den. Dimisioa emateak etikarekin du lotura, politikoki gaizki egindakoaren ordaina behar du.

Eta horregatk aldarrikatzen dugu, hainbertzek, Barcinak, Mayak, Jimenezek eta konpainiak dimisioa eman behar dutela CANeko auzian poltsikoratu dituzten dietengatik. Orain harrapatu dituztelako ez da aski dirua itzultzearekin, ehundaka mila euro xahutu dituztenean, eta pixar batzuk baino itzuliko ez dituztenean. Dimisioa eman behar dute, euren kargu politikoa onura pertsonalerako erabili dutelako. Ikas dezatela Cahuzac Frantziako finantza ministroarengandik, dimisioa eman zuela Suitzan diru-kontuak dituela jakin eta ordu gutiren barrenean. Begiratu dezatela Europara, ez murrizketak eta politika antisozialak aplikatzeko. Begiratu dezatela politikan nola jardun ikasteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!