San Petrira begira jarri nau argazki batek. Vatikanoko plaza erraldoian, Frantzisko Aita Santuak musu eman dio tetraplegiak jotako bati, gaixo bati… Une hunkigarria.
Askorentzat halere, Vatikanoko komunikazio-kanpainaren barreneko beste urrats bat izan da hori, Aita Santu berriaren soslai herrikoia azpimarratzeko. Atzo, izan ere, Frantziskoren tronu-hartze ekitaldia egin baitzuten Erroman, hainbat eta hainbat estatu-buru, printze eta printzesaren artean.
Ekitaldi horren inguruan, hainbat eta hainbat eminentzia eta gorentasunen adierazpenen artean, zurrunbilo mediatiko ikaragarriaren erdian, Euskal Herriko moja batzuen hitzak entzuteko parada izan da. Ez dakit lau haizetara zabaldu diren, baina hor dira hitzok. Interesgarriak.
Honela zioen mojetako batek: “Eliza aldatuko du. Eliza bera aldatuko du”. Frantziskok, alegia.
Sarri entzun izan dugu mendiak mugiarazi ditzakeela fedeak. Indar handia omen du eta. Vatikano bera mugiaraziko balu fede horrek, gaitz-erdi.