Mikel Tabernak bere azken eleberria aurkeztu digu Arratsalde.on saioan: Alkasoroko benta. Susa argitaletxeak karrikaratu du Alkaiagakoaren lan berria. Fikzioa ala autobiografia ote den galdetu diogularik, erantzun digu 70eko hamarkadako gizartea eta pertsonaiak margotu nahi izan dituela koadro batean, eta horretan bere bizipen pertsonalak txertatu dituela.
Lesaka eta Bera artean dago Alkasoro. Denetik saltzen da hango bentan, eskuinean baitauka denda eta ezker aldean taberna; beraz, handik igarotzen dira biztanle guztiak, oraitxe ez bada geroago. Bentako semea da Martin Irazoki, nobela honen kontalaria, 50eko hamarkada amaieran jaioa, gaztaroko hogei urteen berri emango diguna, eta gisa horretan herri oso baten erretratua.
Liburua bihar (osteguna, hilak 21) aurkeztuko dute, ilunabarreko 20:00etan, Iruñeko Zaldiko Maldiko Elkartean, Antsoleaga karrikan. Ekitaldia Susa argitaletxeak eta Zaldiko-Maldiko elkarteak elkarlanean antolatu dute. Tabernak liburua aurkeztuko du, Patxi Muruzabal kantariaren emanaldia ere izanen da, baita otamen txikia ere.