Ezin baloratu gabe utzi UPN-ren kongresuaren emaitzak. Ezin alde batera utzi Catalanen ezusteko malkoak eta Barcinaren garaipen isila. UPN-tik urrun egonda ere oso garrantzitsuak dira bertatik ateratako datu, emaitza eta emozioak.
Hesiaren beste aldean gaudenok halabeharrez pentsatu behar dugu zein hipotesi politiko irekitzen zaigun, antzezlanean parte hartu nahi badugu behintzat. Jaiotzez baikorrak garenontzat ezin egoera hobean utzi gaituzte UPNren boto emaileek.
Bat. Emaitza okerrena atera da UPNren jarraipena nahi zuten afiliatuentzat. Erabat ahulduta eta zilegitasunik ez zuen presidentea berretsi dute, berak irekitako krisiak aurrera jarraituko baitu, “dieten kasua” hasi besterik ez delako egin.
Bi. PSN-aren azpijoko politikoa garatzeko eszenatokirik ez dago. Catalan presidente ez izatearekin Nafarroako Gobernurako paktua berresteko aukera desagertu da, hala nahi bazuten ere Corella eta Pitillaseko politikoek.
Hiru. Barcinaren ahuldadearen sakontzea ikusiko dugu, ez baitago gauzak hobetzeko aukerarik.
Hau guztiarekin guk geureari eutsi behar diogu. Eguneroko lanari, benetako proposamenei eta gure aukera zilegi dela sinesteari. Hesiaren beste aldean daudenek haien etorkizuna iluntzen duten bitartean, guri errealitatearen moldaketan parte hartzeko aukerak irekitzen zaizkigu.
Azken urteetako zirkoa desagertze bidean dago, eutsi diezaiogun geureari historia geure eskuekin idazteko!