Zipreko bankuek ez dituzte gaur ateak irekiko. Ez gaur ez bihar, momentuz. Herritarrei beraiena den dirua atera ahal izatea galarazi nahi diete. Kapital-ihesa sahiestu omen nahi dute horrela. Kapital ihesa deitu diote norberak berea dena hartu nahi izateari.
Aspaldi iritsi zitzaigun krisiaren azken kapitulua izan da Ziprekoa. Aurrekoak baino lotsagarria, oraindik. Bai, posible da. Pentsa, urteetan lan egin ostean irabazitako dirua ateratzea debekatzen dizula zure gobernuak. Eta pentsa bankuek, zure diruarekin aberastu eta gero, ez dizutela gaur dirurik ateratzen utziko, zipretarra bazara.
Gaur, gauzek logikari erantzunen baliote, protestak ikusi beharko genituzke Nicosian, eta Zipreko beste hirietan. Herritarrek euren presidenteak zabaldu nahi izan duen beldurraren diskurtsoa ez dutela irentsi erakutsiko lukete horrela. Eta atzo bezala, gaur ere herritar anonimoren batek pankarta bat zintzilikatuko du parlamentutik gertura, Zipren gertatzen ari dena gutxira Italian eta Espainian gertatuko dela iragarriz. Ez ninduke harrituko. Beraz, dirua duzuenok, aprobetxatu gaur eguraldi hobea datorrela, eta eman buelta bat bankutik. Poltsikoak eskertuko dizue.