Korrika Martin Ugalde Kultur Parketik abiatu den egunean bertan euskararen sustapenari %10 gutxiago eman nahi diola jakinarazi du Iñigo Urkullu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehendakariak. Inoizko murrizketarik handiena duen aurrekontuaren xehetasunen berri eman du lehendakariak euskararen aldeko ekimen garrantzitsuena Andoaindik irten denean.
Tipi-tapa entzuten hasi den egunean bertan esan du gobernuak hezkuntza sistemaren euskalduntzean %12,4ko murrizketa egingo duela, hizkuntza politikan %9,4ko jeitsiera egingo duela eta euskararen sustapenerako hamar milioi euro gutxiago bideratuko dizkiola.
Eman euskarari elkarri leloa du aurtengo Korrikak. Hizkuntzaren izaera kolektiboa azpimarratu nahi du aurtengo edizioak. Alegia, elkarri ematen ez badiogu, hitz egiten ez badugu, hizkuntza hil egingo dela.
Elkarri eman behar diogu euskarari, baina izaera kolektibo horretan ezinbestean egon behar dute erakunde publikoen laguntzek, edo hobeki esanda, inbertsioek. Lehentasuna izan behar du hizkuntzaren sustapenak erakundeentzat, berez alerta gorrian dagoen euskalgintzaren biziraupena bermatu nahi bada.
Urkulluk bertak hauteskunde kanpainan esaldi adierazgarria esan zuen. Horrela esan zuen: “Euskarak ez ditu salbatzaileak behar, erabilpena erakagarri egitea baizik”. Arrazoia ez zaio falta lehendakariari. Erabilpenak egiten du erakargarri hizkuntza bat, iraungarri egiteko ordea, erabilpena baino zerbait gehiago behar da. Eta hori Urkulluk ere jakin badaki.