Vaticanoko konklabea ez da bukatu Bergoglio aukeratzearekin batera. Larunbatean jarraituko du, gurengandik gertu, gainera; Iruñeko Baluarte jauregian hain zuzen ere. Gonbidatuek ez dute tunika purpurarik eramanen, baina ez da gurutzerik faltako gorbata azpian, seguru, eta otoiz eginen dute hautagai bat edo bestearen alde. Ez dira Jainkoak bidaliak izanen, baina bai Madrilek, eta Opus Deik. Eta euren bunkerran itxiz, bata edo bestearen aldeko bozka emanen dute banan bana, hilkorrentzat (guretzat) azken emaitza bakarrik gordez. Barrukoaz ez gara enteratuko. Baina kea ez da faltako. Sua behintzat ez. Sua eta borroka.
Aukeratua ateratzen denak, ongizatea eta salbazioa eskainiko digu bere pulpitu foraletik. Paradisua aginduko digu, ongi portatzen bagara. Isilik bagaude, alegia. Eta bestela, edo baita ere, ostiak banatuko dizkigu, kalean eta poltsikotan.
Hilkorrok, behin bozkaketa amaituta enteratuko gara emaitzaz, Erromako San Pedro plazan bildutakoak bezala. UPNren antolakuntzak, ordea, tximinia bakarra prestatu du Baluarten. Bata edo bestea izendatu, Barcina edo Catalan, kea beltz-beltza izanen baita nafarrontzako.