Asteazkena da, baina palomitak erosiak ditut jadanik. Lau kilo. Kardinal ez diren kristauek Erromako batzarra nola, halaxe segituko dugu nafar gehienek UPNren konklabea, igandean, Baluarten. Kanpotik; zine pantaila bati begira bezala. Zail du Barcinak. Iduri du harenak egin duela.
Politikarako hilotz dagoela. Eta hala ere, bere larrua kario saltzeko prest, basakatu baten gisara. Oraindik lehendakari dugun horren azken atzaparkadak izanen dira noski kongresuko albiste nagusia. To Catalan, to Sanz, to Jimenez. Barcina politikoa hila da, baina zerraldo berean nahi ditu hain lagun izan diren bere etsaiak.
Tarantinoren pelikula batean bezala, odola ugari ikusiko dugu, eta garun eta tripa puskak. Nafar politika, behingoz, interesgarri jartzen ari da. Nik butaka onerako txartela erosi dut, salaren erdi-erdian, eta lau kilo palomita.