Josi Basterretxea: Vatikanoko maizter berria

Euskalerria Irratia 2013ko martxoaren 13a

Zuri-gorriak, gaurko argazkiak. Negu gorriaren itzulerarekin, elurrak zuritu ditu bazterrak. Eta elur horren erasotik salbu, Kapera Sistinoaren abaroan daude Eliza Katolikoaren agintariak, gorriz jantzita horiek, kardinalen purpura distiratsuarekin.

Aita Santurik eta mediatikoena izango da hurrengoa. Ongi kudeatu du Erromako Kuriak komunikazioa. Eliza Katolikoaren jantzirik eta ederrenak erakutsi dizkigute. Beren arrandia, luxua, parafernalia eta liturgia zainduak etxeratu dizkigute. San Petri-ra begira jarri du Vatikanok mundua… eta Zerua, suposatzen dudanez.

Hurrengo Aita Santua nor izango den ez dakit. Baina, badut haren politikaren berri.

Vatikanoko maizter berriak sakon borrokatuko du sexu berdintasunaren alde, homofobiaren aurka. Sakon borrokatuko du jaiotza-kontrolaren alde, pobreziaren aurka. Sakon borrokatuko du gizaki eta giza talde ororen eskubide ororen alde. Vatikanoko maizter berria sakon saiatuko da Zerua munduratzen.

Horretarako, ondo-ondoan beharko du Aita Santu berriak Izpiritu Santua –uso zuria–. Eta urrun, arteriosklerosiak jotako Eliza zurruna –larregizko purpura gorria–… Ametsak, amets.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!