Gorka Bereziartua: Agente dobleak

Euskalerria Irratia 2013ko martxoaren 11

Joan zen martxoaren 8a eta berarekin batera, urtebeterako bai gutxienez, askoren aldarrikapen berdinzaleak. Zuzentasun politikoak bizi gaitu eta ikastolako berdintasun-tailerretan ikasitako manuala betetzen dugula iruditzen zait. Badakigu zer esan eta nazioarteko egunak aukera paregabea eskaintzen digu lezioa ondo ikasia dugula erakusteko.

Ebaluazioa gainditu eta oporrak beste urtebetez, erdi-aroko gizonen batek bikotea hil duenean salatzera mugatuko gara, asko jota. Barka pesimista banaiz. Pesimistago jarriko naiz: badira martxoaren 8ko examinera ez aurkeztea erabakitzen dutenak ere. Ez dela beraien kontua, ze lata, noiz hitz egingo dugu dibortziatu ostean karabanan bizitzera joan behar izan duen Antonioz, Lorentzoz edo Joxe Mariz. Horietaz ez ei dute hitz egiten feministek. Eta kontra egitean, eztabaida muturren aurrean lehertzen zaienean, ttu egin, barrabilen inguruko aipuren bat eta segi.

Denok uste dugu garela aurrerakoiak, ezkertiarrak, progresistak eta putoamoak matematiketan. Baina genero-berdintasunaren gaia ateratzen denean -beste problematika batzuekin ere gertatzen da, noski- agerian geratzen da onenera agente doble gisa funtzionatzen dugula, gure feudotxo barregarria haginez eta ozpinez babesten. “Behintzat koadrilan gaia atera da, eztabaidatu dugu, ez da gutxi” zioen ni baino baikorragoa den lagunak. XXI. mendean, halako kontsolamenduak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!