Euskalgintza krisian da. Azken hamarkadetan egindako lanen emaitza ezin da ukatu: hiztun berriak sortu dira, alfabetizazioak gora egin du, eremu publikoetan garatu diren ohitura berriak edo kulturgintzak eduki duen loraldi nabarmena. Sarritan esaten den bezala, hiztunok Merced kaleko sukalde txokoetatik kalera eta plazara egin dugu, komunikazioaren funtzioen aldaketa sakona sortuz.
Bidean, bitartean, antzematen genituen susmoak nagusitzen joan dira: eskolak bakarrik ezin duela euskaldundu, ezagutzak ez duela zuzenean erabilpena bermatzen, kulturgintza dinamismoa galtzen ari dela edo eta euskaldunon komunitatea aktibatzeko arazoak ditugula.
Egoera zailetan atzera begiratzeko joera dugu. Loriatsua izan den iraganetik elementu mitiko salbatzaileak berreskuratu nahian, bidegile izan ginenean kemen eta ideien arrantzale bihurtzen gara. Zer izan zen hori gurean? Gaurkora ekarrita, balio zaigu?
Heinrich Heinek 1829an idazle, sozialista utopiko eta pentsalari ezagunak esan zuen: “Mundua hamaika zatitan puskatu da. Garai batean bazen batasuna eta poetak osoak ziren. Poeta horiek gurtu behar ditugu eta egin zuten lanaz gozatu, baina imitazio oro, edozein begi jakintsuk antzematen duen bezala, gezurrak direla daki, eta egin dezaken bakarra mesprezatzea da.”
Euskalgintzan aurrera egiteko mundu berriari neurrira egokituko diren bitartekoak garatu behar ditugu. Kalean eta plazan, guztiontzako eremu abegikorrak eraikiz, udaberriaren bultzadaz baliatuz.