Saldu ziguten gure lurralde anitz hau eredugarria zela arlo guztietan: berrikuntzan, teknologian, aberastasunaren banaketan, eta baita gizon eta emakumeen aukera berdintasunean ere. Eta aitortuko dut krisiak izan duela alde positiborik: gezur guztiak agerian utzi ditu.
Nafarroako emakumeak dira Espainiako gainerako erkidegoetakoekin alderatuta langabezi tasa altuena pairatzen dutenak. Sektorerik feminizatuenetan, alegia, zerbitzuetan, kategoriarik eskasenak betetzen dituzte. Nafarroako emakumeak dira egonkortasun gutiena dutenak lan munduan, ordukako kontratu gehien dutenak. Eta Nafarroako emakume batek Nafarroako gizon batek irabazten duenaren %73a jasotzen du, lan bera egiteagatik. Ederra paradisua! Europako herrialdeen pare ginen, eta ohartu gara Espainiako datuetan eskasenak direla gure erkidegokoak. Ederra espainiartasuna saldu digutena!
Muga guztiak hautsi ditu, bertze hilabete batez, langabeziak Nafarroan. 56.524 nafarrek emana zuten izena enplegu zerbitzuko bulegoetan. Horietatik 28.428 ziren emakumeak. Horietatik 11.000k ez du inolako diru-sarrerarik.
Eta bitartean Barcina eta Catalan itxurakeriatan, eredu desberdinak dituztela saldu nahian. Baina guri, herritarroi, bost axola zaigu bata zein bertzea. Gauza bera saltzen segituko dutelako: prekarietatea, langabezia, miseria. Eta emakumeek, gainera, modu bikoitzean jasoko dute krudelkeria hori.
Badut bertze arrazoi bat gehiago martxoaren 8an karrikara ateratzeko, saldu diguten ustezko berdintasun hori gezurra aldarrikatzeko.