Mika Etchebehere: 17 milioi euro urpean

Euskalerria Irratia 2013ko martxoaren 6a

Diagonalen irakurri dut Europa mailako justizia sailkapen batean Espainiar estatuak 36. postua duela biztanleriarekiko epaile kopuruan. Atzetik Armenia, Azerbaijan eta Georgia besterik ez dituelarik. Ez dugu horrelako sailkapenik gustuko ezta orain ezagutzen dugun justiziarekiko miresmenik ere, are gutxiago halako inkestek agertzen duten lurralde banaketarekin; hala ere datu hauek eskaintzen duten ondorioetariko bat bada delako estatuaren justizia sistema prest dagoela sistemaren kupulan daudenei mesede egiteko.

Ate birakariaren sistema omen da hau, esparru publiko eta pribatuen interesen arteko etengabeko sartu-atera bultzatuz, enpresa handi, partidu eta administrazioan daudenen arteko babespena sortzen duena, egoera sinestezinera eramaten gaitu behin eta berriz. Azken egunotan euriek probokatu dituzten lurrikara eta lur mugimenduak izan dira logikarako mundu paralelo bat sortu dizkigutenak.

Esako urtegiaren handitzea posible egiteko mendi mazelak “garbitu” egin zituzten eta negu euritsuaren aurreikuspenik gabe, mendi magalek ezin izan dute pisua eutsi eta irristatu egin dira. Itoitzen agertu eta konpondu ez den problema berdina sortu zaigu Esan, magalen irristakortasuna herrientzat arrisku handia bilakatu da. Bitartean 60 etxe hustu, errepidea moztu, 17 milioi euro uretan sartu dira egindako obrak erori egin zirelako eta aurrekontu globala 113,5 milioi eurotatik 376,8 milioi eurotara pasa da.

Ebroko isuraldatzea, Nafarroako nekazaritza enpresa handiei saltzea ureztatze laborantza sustatu eta higiezinen zikloaren azken kolpeei ahalik eta indartsuen eustea daude Esaren obraren atzean. Nafarroako Gobernuaren politika ekonomikoaren beste eredu bat, zentzugabekeria sustatzearekin batera guk guztiok pobretu gaituena eta geure zergekin osatzen den ekonomia sistema datorren urteetarako hipotekatu duena.

Beraz, zentzugabekeriekin akabatzeko, zein beste aukera gelditzen zaigu proiektu horiek mantentzen duten sistemarekin amaitzea baino?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!