Rubalcaba. Estatuko oposizio-burua. Nolako oposizio-burua, krisia bere gogorrenean dagoenean eta ustelkeria bere gorrienean, jendeak nahiago baitu Rajoy bera baino. Atzo Iruñean izan genuen, goiztiar eta bat-batean. Norendako da astearte batean goizeko 9etan ematen den mintzaldia? Ez dakit PSNko boto-emaileak kontent gelditu ziren PSOEko idazkari orokorrak erran zituenekin.
UPNkoak bai, seguru, jakinarazi baitzien, bere alderdiak ez duela legegintzaldi honetan deus eginen Nafarroan gobernu aldaketa bultzatzeko. Barcina eta Catalán, UPNko bi ahariak, entzuleen artean ziren. Batak nahiz bertzeak txalo eginen zioten Espainiako sozialisten liderrari. Catalanek Barcinak baino indar handiagoarekin. Ikusiak ikusi eta adituak aditu, pentsatzekoa da Catalanen hautagaitzari haize ematera etorri zela, hain goiztiar eta hain bat-batean, Rubalcaba atzo Iruñera.