Protokoloaren asmatzailea izanik, elizak horrelakoetan badaki txapela kentzeko moduko ekitaldiak antolatzen. Jantziak, musika, giroa eta, gainera, inork ikusten ez duen espiritu santuaren presentzia. Horretarako aukera banu, gustura ikusiko nuke nik Aita Santua aukeratzeko bilera horietako bat. Deus esan gabe, isil-isilik, han omen dabilen Espiritu Santua bezain mutu, baina nire kasuan Aita Santuaren aukeraketa ere baldintzatu gabe.
Momentuz, ordea, kazetariok ez gaude gonbidatuta. Alderdi politikoek bezala, Elizak ere bozketa hasi aurreko planoak hartzen uzten die telebistei. Ondorengoa, ordea, atea itxita eginen dute, horrela misterioa eta jakin mina handituz.
Teologo batzuek diotenez, elizak a
teak zabaldu egin behar ditu. Vatikanoko bigarren kontzilioak aldarrikatu zuen aggionarmientoa kontuan hartu eta aurrera egin behar du, elizako buruak mundu honetatik oso urrun bizi baitira.
Eta nik, hori aditzen dudan bakoitzean, ez dakit nori irakurri nion ateraldia gogoratzen dut: “Eliza aurrera ez baizik eta atzera gusturago dabilenez, gero eta atzerago joan dadila, beldurrik gabe, ea noizbait Nazareteko Jesusekin topo egiten duen”.