Inuñeraino iritsi zen, joan den astean, Sakanako jendea. Burundakoak, Aranazkoak eta Arakilgoak. Manifestazioaren ondoren ikusi nituen Alde Zaharreko kaleetan, txamarra lodiak, bota handiak, “iepa”, “ieu”. Enpresak gero eta hondorago, administrazioa gero eta axolabariko, ikaragarria izan da azken hiru-lau urteotako bilakaera. “Gure ahalen gainetik” bizi izan zela entzuten da han ere, nahiz eta inork ez duen ondo azaltzen zein zen gure ahalen neurria, benetakoa, onartu behar izan genuena.
Ez dira erraz etsitzekoak Sakanakoak, hala ere. Sakantzen egitasmoa abiatu da hainbat herritan, goazen gure artean irtenbideak begiratzera: Kooperatibismoa? Nekazaritza ekologikoa? Abeltzaintza berriro? Turismoa ote? Bilera batzuk egin dira, jendea parte hartzen ari da, eta parte hartu beharko du, horixe besterik ez baitago, gaur egun, inguruan: zulotik ateratzeko, proiektuak han bultzatu eta han erabaki egin beharko direlako konbentzimendua. Iruñetik, bueltako autobusa iritsiko dela. Askoz gehiago ez. Trena ere kendu egin baitziguten.