Edurne Begiristain: Martxoak 3

Euskalerria Irratia 2013ko martxoaren 4a

Berriro atera behar izan dira kalera, eta honezkero 37 urte dira jada, Gasteizko gertaera odoltsuak gogoratu eta erantzukizunak zuritzeko eskatzeko. Berriro lepo bete dira Gasteizko karrikak, aldarrikapenak hiria hartu du eta ez dutela ahaztu ozen esan dute milaka herritarrek. Martxoaren 3a, berriro, denon memorian. Martxoaren 3a, berriro, biktimak gogoan izateko. Eta martxoaren 3a, berriro, langileriaren borroka goraipatu eta errepresioa salatzeko.

Erantzukizun politikoak zuritzea da, gaur gaurkoz, biktimen elkartearen helburu nagusiena. Egia argitzea, justizia egitea eta biktimei zor zaien ordaina ematea. 37 urteren ostean oraindik orain aldarrikapen berberei eusten diete, etsi gabe, nahiz eta jakin, justizia, justizia osoa, sekula ez dela iritsiko beraientzat. Gasteizko gertaeren erantzule gorena, Manuel Fraga Iribarne, ez dutelako akusatuen eserlekuan esertzea lortu.

Duela urtebete hil zen Euskal Herrian errepresioa hedatzeagatik ezaguna izan zen Manuel Fraga Iribarne. Haren ardurapean gertatu ziren Gasteiz eta Montejurrako hilketak, 1976an. Sekula ez zuen sarraski horien erantzukizun politikoa bere gain hartu, eta ez zen inoiz epaitua izan.

Franco hil osteko urte gordin haietan Gobernazio ministroa zen Fraga, eta Kalea nirea da esaldi ospetsua orduan bota zuen, garaiko langileen manifestazioak geldiarazteko asmoz. Esaldi haren aurretik eta ondoren gertaera odoltsuak izan ziren Euskal Herrian.

Haatik, Gasteiz eta Montejurrakoak ez dira izan Fragaren ardurapean buruturiko hilketa bakarrak. Izan ere, Fragak Espainiako segurtasun indarren arduradunadun izan zen sei hilabeteetan arrasto odoltsua utzi zuen Euskal Herrian.

Hori dena gogora ekarri zidan atzoko egunak. Oroimenerako eguna izan zen. Egia eta justizia aldarrikatzekoa. Borroka hori ez dela amaitu adierazteko eguna.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!