Aitor Etxarte: “Tristan eta Isolda” memoriz

Euskalerria Irratia 2013ko martxoaren 4a

Bizitza lurruntzen da. Gertatu zena, gertatzen ari zaiguna, memorian gorde nahi dugu, eta ezinean gabiltza, bizipenek isilpean ihes egiten dute. Urak esku artean bezala, txori saldoen moduan.

Igaro ziren erreka ondoko arratsalde eguzkitsuak lausotu dira, sukar betez ferekatu genuen azala ahaztu, beldurrez zeharkatu genuen baso iluna desagertu, estimatu genituen pertsonen ahotsak isildu dira, bidelagunen gertaerak haizeak eraman ditu, guztiz gureak ziren kantuak mututu dira, ahaztezinak omen ziren liburuak galdu, nekez lortutako ezagutzak ezkutatu edo berebiziko egunak lainoztatu.

Egunero nitasuna berrosatzen dugu oroimenera ekarriz bizi izandakoaren zatiak eta gainerakoa dimentsio trinko, lodi, ilunera bidaliz. Hor nonbait desagertuko dira itsasoen gatza, maindireen usaina, poesien hasiera, irribarreen melodia, gure eskuen sentipenak, lagunen heriotza. Materia likatsu horretatik zerbait berreskura ezina dela sentitzen dugunean amorrua, tristura, egonezina edo ezintasuna nagusitzen da.

Miresten dut Camille Saint-Saëns musikari paristarrak zuen memoria. Lucien Rebatet jakintsuak gogora ekartzen digu Wagnerrek Camille gaztea gonbidatu zuela eta maisu handia harritura utzi zuela partiturarik gabe “Tristan eta Isolda” osoa pianoz jo zionean.

Memoriaren iragazkia, agian, zoramena ekiditeko modua da. Baina, bitartean, nire dimentsio trinko eta iluna loditzen dela antzematen dut.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!