Zaloa Basabe: Biktima polemikoak

Euskalerria Irratia 2013ko mar. 1a, 11:35

Arazoa ez da Toni Cantó. Arazoa ez da Toni Cantok esan zuena ere. Arazoa ez da genero indarkeriaren ustezko salaketa faltsuen kopuruarekin gezuterretan ibili izana.

Arazoa da ordezkari publiko gisa deklarazio horiek egin ahal zituela pentsatu zuela. Hau da, benetako larritasuna hori sinisteko giro egokia eta publiko aproposa egongo zirela pentsatu zuenean isladatzen da.

Eta horrela da. Giroa eta publikoa badira.

Datu faltsuekin palestrara ateratzeko harropuzkeri galanta izan behar du. Baina, jakina, edonork ezin du hala hola harropuzkeriarik adierazi; jarrera boteretsua izan behar duzu. Hau da, edonork ezin ditu biktimak susmagarri bilakatu eta geroztik osorik atera. Berak bai. Gai honekin, bai. Genero indarkeriaren biktimak difamatzeak polemika sortzen du; aldiz, beste indarkeriaren biktimen zintzotasuna kolokan jartzea delitua izaten da.

Cantó aktorea eskenatoki honetan murgiltzen da. Eta gu, ikusentzuleok, zer esan ez dakigula begiratzen diogu. Kritikak horren txarrak direnean eta testua horren doilorra eta iraingarria denean, aktorea aldatzea ez da nahikoa. Antzezlan osoa da gizartearen karteleratik erori behar dena... baina horretarako, aldez aurretik, publikoak, ausardiz eta tinkotasunez, bizkarra eman beharko lioke...

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!