Ander Perez: Haserre baino gehiago

Euskalerria Irratia 2013ko ots. 28a, 18:00

Duela hiru urte, Stephane Hesselek Haserratu zaitezte liburua argitaratu zuenerako, Sakanan haserretzen hasiak ziren dagoeneko. Ez zuten 92 urteko agure baten lekziorik behar; nahikorako ematen du presidenta harroputz xamar batek. Geroztik Sakanan pasa dena jakina da. Luzea da itxi diren edo itxi bidean dauden enpresen zerrenda: Gamesa, Arfe, Isphording Hispania, Refinsa, Inasa, Ufesa...

Lehenengo liburuaren arrakasta eta gutxira, bigarren bat kaleratu zuen Stephane Hesselek, Konprometitu zaitezte izenez. Ordurako, sakandarrek bazekiten zeozer konpromisoaz, eta dagoeneko antolatuak hasiak ziren UPNren borondate faltak zekarren egoera beltzari aurre egiteko.

Atzo hil zen Stephane Hessel, 95 urterekin, eta sakandar haserretu eta konprometituek, greba orokorra eginen dute gaur, hainbat sindikatuk, udalek eta gizarte eragilek deituta. Eskualdeko langabeziaren datuak lazgarriak dira. Erantzuleen jarrera, UPNren gobernuarena, lotsagarria. Horregatik, gaurkoa urrats garrantzitsua izan daiteke erantzunen eta alternatiben bidean. Sakandarrak haserre baino gehiago daudelako.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!