Xabier Barber: Negua negu

Euskalerria Irratia 2013ko ots. 28a, 10:55

"Benetako" negua izaten ari da: elurra eta hotza, hotza eta hezetasuna. Ederra dago paisaia; ederrak mendiak, zuhaitzak, larreak, egunsentiak eta ilunabarrak. Ama lurrean, atsedenaldia hartuz, bizitza gelditzen da apur batean. Ez gurea, berriz; ezer suertatuko ez balitz bezala, ustez dena egiteko indarrak izanen bagenitu bezala, betiko erritmoarekin jarraitu nahi dugu; hiriburuan batez ere, ez hainbeste herrietan, non jakinduria zaharraren apurrak dirauten, omen.

Eta deserosotzat jotzen dugu horrelako negua. Urte luzeetan zehar, gauza asko ikasi du gizakiak, erosoago bizi ahal izateko; beste asko, berriz, ahaztu. Gure erritmoa naturarenari zertxobait gehiago egokitzea ez legoke txarra, bai egunerokotasunean, baita ekoiztu eta kontsumitzeko eratan ere.

Bestela, lasai: udaberria helduko zaigu eta, berarekin batera, ama lurra ere ernatuko da; gure ezerosotasunak desagertzen joanen dira.

Baina, gero, berriro, uda: kristoren beroa, lehortea, euliak… horrela ezin da bizi! Ai ene, hau desastrea!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!