Iñaki Irisarri: Zuloak

Euskalerria Irratia 2013ko ots. 27a, 17:34

Zuloak, zuloak, zuloak… Hipotekak, zorrak, murrizketak, irrati-lizentziaren lapurreta, langabezia, esperantza falta… Zuloen antza dute arestiko horiek guztiek, ezta? Zulo beltz-beltzak eta sakonak dira, haiei begira luze geldituz gero, etsigarriak suertatzen diren horietakoak.

Zuloak beti izan dira gure artean, nonahi, baina esaten ahal da oraingo garai hauetan areagotu dela zuloen presentzia, eta, jakina, zuloa hutsaren paradigma den aldetik, ondorioztatu beharko genuke gure gizartea, zuloz bete ahala, husten ari dela.

Baina euskaldunak gara, zer demontre, eta Oteiza maisu handia gogoan, ez gara hutsaren edo zuloaren beldur. Zuloa ernagarria da, horixe erakutsi zigun Orioko aztiak, bai eta kontzientziaren pizgarria ere. Hartara, gu trebe izanen gara ahuldadetik indarra sortzen, eta hain gurea dugun auzolana bezalaxe, betelan ederra eginen dugu oraingo honetan, denon artean zulo horiek berdintze aldera.

Urrunago gabe, Euskalerria Irratia bera indartsuagoa da une honetan, berriki lizentzia ebatsi zioten egunean baino. Bazkide gehiago dituenez handiagoa da, lizentziaren lapurretak utzitako zuloa betetzera etorritako lagunei esker. Betelan handiagoa beharko da, noski, irratiak bizirik iraunen badu, bazkide gehiago eta ahalegin handiagoa guztion aldetik, besteak beste, hain beharrezkoak diren sosak biltzeko. Baina ari gara eta ez dugu bidean etsiko

Gorakoa da zulo baten sakonetik hartzen ahal den bide bakarra. Horra zuloen sekretua.

Beraz, gora Euskalerria Irratia, lagunok, jakina, zuen baimenarekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!