Nekane Perez: Langabeziaren kontra, langileen borroka

Euskalerria Irratia 2013ko ots. 25a, 18:00

Azkeneko egunotan, gauza bat eta bestea, aditu behar izan diegu batzuei erakundeekiko errespetua eskatzen. Honekin zalantza batzuk sortu zaizkit, zer da hori? Zer da erakundeekiko errespetua?

Gaizki al da Goya sari banaketan erratea batzuek erran zutena? Deserosoa bai, ziur, baina ez zait desegokia iruditzen murrizketen aurkako aldarrikapenak egitea. Kalean dagoen zerbait plazaratu zuten besterik ez, kulturari Gobernuak egiten dion mesprezua, desjabetzeak, giza arloko murrizketak oro har. Errespetua funtsezkoa da, ezinbestekoa eta ez bakarrik erakundeekikoa …

Zein da gobernu honek adierazten duen errespetua langabetuekiko? Ahaztu zaie orain errespetuz hitz egin dutenei Madrilgo Kongresuan botatako “izorrai” famatu hori, langileei zer errespetua adierazten die, funtzionarioei?? Egoera larria da, hainbeste urtetan irabazitako eskubideez ari gara, dirua lapurtzeaz gain, eskubideek egunero pairatzen dute murrizketaren bat, eta zer da egin behar duguna? Isilik egon?

Goya sari banaketa niri urrun suertatu zitzaidan baina … hara non, oso egoera antzeko bizi genuen azkeneko plenoan, langabetuen asanblada palkotik oihuka hasi zenean. Batek baino gehiagok, presidentea barne, lotsagabekeriatzat hartu zuten, damutzeko zerbait, espektakulo desatsegina, baldarkeria zela aditu behar … Parlamentuan badirudi bakarrik parlamentariook hitz egin dezakegula, eta egia bada ere horretarako gaudela, bakoitzak bere neurrian ordezkatzeko ordezkatu beharrekoa, Gobernua kontrolatzeko … nahiko al da horrekin? Beharrezkoa bai, nahiko ez.

Instituzioak inportanteak dira, baina ez dira parte hartzeko modu bakarra, ez genuke deuseztatu behar mugimenduen beste aktibismo hori, osagarriak dira, giza mugimenduen ekintzak ezinbestekoak dira, neurrian, ongi antolatuak, errespetuz. Murrizketen politikak frenatzeko uholde bihurtu behar dugu, denok elkarrekin.

Langabeziaren kontra langileen borroka!! oihukatu zen, nik -errespetuz noski- zerbait gaineratuko nuke:

Langabeziaren kontra, eskubideen alde, borroka soziala, denon borroka!!!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!