Aitor Etxarte: Elurra, isiltasuna

Euskalerria Irratia 2013ko otsailaren 25a

Elurra egin du, eta Merced kalearen isiltasun zuria etxeaz jabetu da. Ez da ezer entzuten. Gelako epeltasunak argi berria jaso du. Elurrak bazter isila bihurtu du kalea.

Nolakoak izan dira gainerako goizak? Zurezko ate astunen soinu grabeak ziren entzuteko lehenak, zurginaren zinta-zerraren hasierako ulua eta ondorengo zarata monotonoa zetorren ondoren, gaseosaren fabrikaren zarata mekanikoa, banatzaileen oihuak eta gobernatzen zituzten kaxak eta gurdien kolpeak, etxe ondoko mandoen apatxen soinu erritmikoa erreka aldera, astoen arrantza eta karnaba ugarien kantuak, bizilagunen azken mandatuak balkoitik kalera o eguneko lehendabiziko konfidentzia atarien babesean, dendari eta tabernariak irekitzeko babes oholak zalapartan erretiratzen eta gordetzen… Bizitzaren beste soinuak.

Elurrik gabeko oraingo goizetan zarata urria da oso. Funtzionario eta argizarijaleen kotxeak aparkalekuetarako bidean, infernuko tramankulu hiperaktiboa kalea eskobatzen, lanera doazen bizilagun gutxien urratsak eta kito.

Hiria espazioetan banatu da, pertsonaz hustu, jardueraz moteldu. Isildu egin dela iruditzen zait. Adinak hori ezagutzeko aukera eman dit. Dena dela, Louis-Ferdinand Celinek idatzi zuen moduan: “ Esperientzia argi moteleko kriseilua da, eramaileari bakarrik laguntza ematen diona eta esan ezina dena".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!