Jon Abril: Hamar urte

Euskalerria Irratia 2013ko otsailaren 20a

Amorrua, tristura eta mina. Negar malkoak. Denak nahasi zitzaizkidan gaurko egunez, orain hamar urte. Ohatzean nintzela aitak ernatu eta abisua eman zidan: Egunkaria itxi dute, atxilotu aunitz dago. Ezin nuen sinistu. Ametsetan ote nengoen, oraindik. Egunkariko kolaboratzailea nintzen, langile ohia. Lankide izan nituenekin parte hartu nuen orduko mobilizazioetan, euskarazko egunkari bakarra berriz ere kioskoetara itzultzeko ahaleginean murgildu nintzen, eta salaketa eta amorrua karrikara atera nuen, bertze milaka herritarrekin batera.

Eredugarria eta txalogarria izan zen herritarren erantzuna, euskaldunena zein erdaldunena. Adierazpen askatasunaren kontrako eraso bortitza izan zen, euskararen kontrakoa, herritarrek eraikitako proiektua jipoitu zuten. Baina berehala, denbora tarte ttiki-ttikian lortu zen proiektu berria eraikitzea, milaka herritarren inplikazioarekin eta diruarekin.

Gogorra eta latza izan da bidea. Hamar urte. Epaitegiek milaka herritarrek konbentzimenduz salatu genuenari arrazoia eman zioten: absolbitu egin zituzten inkulpatutakoak. Baina oraindik ez dago inolako erreparaziorik. Ez atxilotutakoei, ez egunkaria berari ere ez.

Eta hurrengo urteetako bidea ere ez da erraza izanen. Egoera ekonomiko zailean, euskarazko komunikabideak modu bikoitzean jasaten ari dira krisia. Herri honek oraindik ez du lortu esparru komunikatibo sendo bat, berezko hizkuntzan. Beti dago laguntzen politiken menpe, hitzarmen sendorik gabe, irrati-lizentziarik gabe. Hainbat euskarazko komunikabide itxi dira azken urteotan, eta administrazioek ez dute estrategiarik, eta badutenean, kontra egiteko da. Komunikabideak lanean ari dira, eta erronka garrantzitsuak dituzte aitzinean. Herritarrok ere badugu konpromisoa hartzerik: euskarazko komunikabideak kontsumituz. Hori da herria egitea. Hori da egin dezakegun hizkuntza politikarik ausartena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!