Galdera horrek ukabilkada baten eragin berbera izan zuen, zaplasteko baten eragina, eta ni ez nengoen prestaturik.
—Irribarre egitea aberatsen kontua da, Ibrahim jauna. Niri ezinezkoa zait.
Ni izorratzeagatik, orduan, irribarre egin zidan.
—Hortaz, ni aberatsa naizela uste al duk?
—Kutxa beti billetez beterik edukitzen duzu. Ez dut ezagutzen, zu bezala, egun osoan muturren aurrean hainbeste billete edukitzen dituen inor.
—Billete horiek, baina, salgaiak eta saltokia ordaintzeko erabiltzen ditiat. Eta, hilaren amaieran, jakin ezak, oso gutxi geratzen zaidak.
Eta irribarre zabalagoa egin zidan, niri adarra jo nahian edo.
—Hara, Ibrahim jauna, aberatsen kontua dela esateak jende zoriontsuarena esan nahi du.
—Horrexetan hago ba oker. Hain zuzen ere, irribarreak egiten hau zoriontsu.
—Baita zera ere.
—Egin ezak froga.
—Baita zera ere, esan dizut.
—Hi, baina, ongi hezia haiz, ezta, Momo?
—Ongi hezia izan behar, bestela muturrekoak franko.
—Ongi hezia izatea ederra duk, gero. Baina adeitsua izatea, are ederragoa duk. Saiatu irribarre egiten, eta ikusiko.
Bo, egia esan, azken batean, hain atsegin eskaturik, tarteka txukrut ontzi bat, goarnizioarekin, kalitate onekoa, tontamentean ematen zidanez, ba, zergatik ez froga egin…
Biharamunean, gauean zehar eltxo batek heldu dion gaixo baten antzera ibili naiz: jende guztiari irribarre egin diot.
—Ez, andereño, barka, ez dut ulertu matematika ariketa hori.
Eta to: irribarrea!
—Ezin izan dut egin!
—Ederki, Moises, berriro azalduko dizut.
Sekula halakorik. Ez errietarik, ez zigorrik. Ezertxo ere ez.
Jantokian…
—Jan al dezaket gaztaina krema gehixeago?
Eta to: irribarrea!
—Bai, gazta zuriarekin…
Eta hara non eman egiten didaten.
Soinketan, kirol zapatilak ahantzi ditudala onartu dut.
Eta to: irribarrea!
—Lehortzen ari dira eta, jauna…
Eta hara non irakasleak, barreka, bizkarrean tapatekoak eman dizkidan.
Hau mozkorraldia! Dena aldeko dut. Ibrahim jaunak arma perfektua eman dit. Ta-ta-ta-ta, kristo guztia irribarreka tirokatu dut. Dagoeneko ez naute tristepaketatzat hartzen.
Institututik jauzian itzuli naiz Paradisu kalera. Putetan xarmantenarengana jo dut, beti errefusatu izan nauen mariurdanga beltz galant batengana:
—Aizu!
Eta to: irribarrea!
—Igoko al gara?
—Hamasei urte bai, ala?
—Aspaldian bete nituen hamaseiak!
Eta to: irribarrea!
Eta igo egin gara.
Eta gero, jantzi bitartean, esan diot kazetaria naizela, eta prostitutei buruzko liburu eder bat idazten ari naizela…
Eta to: irribarrea!
… eta ongi legokeela, axola ez baldin bazaio, beraren bizitzaren berri ematea.
—Benetan ote haiz kazetaria, ala?
Eta to: irribarrea!
—Jakina, egia esan, kazetaritza ikaslea…
Kontu-kontari hasi zait. Gero eta sutsuago hitz egiten du eta bihotzari erreparatu diot, eta ze gozo egiten dion punpaka. Halakorik sinesteak, lanak. Emakume bat hizketan ari ez zait ba! Emakume bat. Irribarrea. Niri hizketan. Irribarrea. Niri hizketan.
Iluntzean, aita itzuli denean, jeneralean bezala berokia eranzten lagundu diot; aurrez aurre kokatu natzaio, argitan, seguru egon nahi dut ikusi egiten nauela.
—Afaria prest dago.
Eta to: irribarrea!
Ahoa bete hortz begiratu dit.
—Inondik ere barrabaskeriaren bat egin duk hik.
Eta irribarrea tokitara joan zait.
Baina ez dut etsi.
Postrearekin, berriro ekin nik.
Eta to: irribarrea!
Artega begiratu dit.
—Hurbildu apur bat —esan dit.
Irribarrea garaile irtengo delakoan nago. Beste biktima bat, horratx. Hurbildu egin natzaio. Musu eman nahi ote dit? Behin batez kontatu zidan Popol oso musuzalea zela, mainati hutsa, alegia. Ez ote zuen ba, jaiotzatik beretik, irribarrearen trikimailua ezagutuko? Edo, akaso, amak astia izango zuen Popoli hori erakusteko.
Aitarengandik hurbil nago, beraren sorbaldaren kontra. Betileak begietan jo eta jo. Bitartean, nik, ahoa txikitu beharrean, irribarrea agerian.
—Aparatu bat ipini beharko diagu. Orain arte ez nauk konturatu ere egin: hortzak aurreraka dauzkak.
E.E. Schmitt, Ibrahim jauna eta Koranaren loreak (erein)