Mika Etchebehere: Egia jakiteko momentua

Euskalerria Irratia 2013ko otsailaren 19a

Momentu honetan Enrique Goñi jauna Nafarroako Parlamentuan dago Nafarroako Kutxan gertatutakoa esplikatzen. “Oso lasai” omen dago ez baitu “estaltzeko deus” berak “Kutxarako hoberena zena” egin baitzuen. Harrigarria dirudi azkeneko urteetan hainbat politiko zein bankarik lotsagabekerian egindako masterra. Denak eskola berberera joan direla ikusten da. Graziosoa da imajinatzen klase horretako zerrenda: Asiain, Bárcenas, Barcina, Goñi, Jiménez, Maya, Rajoy... eta beste hainbat errepikatzaile.

Master hori egin zutenei lotsagabekeria galtzeaz gain, gizarteari errespeturik ez izaten ere irakatsi zieten, are gehiago, denok tonto samarrak garela pentsatzen lizentziatu ziren. Ziurtasun hori ez badago ezin baita sinetsi esaten dituzten gauzak benetan esaten dituzten, edo okerrago, gizarteak gezur horiek sinetsiko dituenik.Zeren... Enrique Goñiri normala iruditzen zaio azkeneko zortzi urtetan zuzendaritza komisioan eta bestelako komisioetan egon direnen dieten batuketa osoa 4 milioi euro baino gehiago izatea.

Zeren... Nafarroako Kutxako presidentea izan denak uste du sinesgarria irudituko zaigula kutxaren zuzendaritzaren soldaten aurrekontua 2,8 milioi euro baino gehiagokoa izatea 2009an.

Zeren... Hark uste du ekonomian jantziak ez garenok irentsiko dugula Nafarroako diruaren erdia maneiatzen zuen kutxak 10 urtetan porrot egitea eta hori krisiaren ondorio besterik ez izatea.

Zeren... Goñirentzat gizarteak ez du errespeturik merezi horregatik Parlamentura joan da egia esateko beharrik ez duen agerraldian.

Zeren... Pentsatuko du guk harremanik ikusiko ez dugula Roberto Jimenezek dietetan kobratu dituen 170.000 € eta PSNek ikerketa batzordearen alde ez bozkatzearen artean.

Zeren... Enrique Goñi, Yolanda Barcina, Miguel Sanz, Enrique Maya, Roberto Jiménez eta beste hainbatek ez dute sinesten erruztatuen aulkira eramanen ditugunik eta gizarteak haien erantzukizunen ardura hartzera behartuko dituenik.

Zeren gezur hau guztia eta gizartearekiko mesprezua izan baitira politiko profesional, bankari eta enpresarien funtzionatzeko modua azken urteetan haien kontu korronteen zenbakiek gora egiten zuten bitartean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!