Alberto Barandiaran: Galdetu, galdetu

Euskalerria Irratia 2013ko otsailaren 19a

Irakurri dut nonbait bizi dugun uneari buruz idazteko ohitura berreskuratzen ari direla idazle batzuk. Izututa ikusten ari garenarekin, interpelatuta sentitu dira, eta fikzioari utzi, egitura literario konplexuak altxatzeaz ahaztu, pertsonaien arteko lotura erakargarriak saretzeari uko egin, eta atzo etxepean ikusi zutenari buruz gogoeta egiten hasi omen dira, gero dietarioak, kronikak, memoria hurbileko artikulu bildumak edo kazetaritza kutsuko narrazioak idazteko. Krisi garaietan horrelako zerbait gertatzen dela diote.Arazoa da nola, noiz, zer dela eta ahaztu zitzaien idazleei egunerokoari buruz idaztea. Zer dela eta noiz piztu zen barne bulkada hori, konstrukto literario ahalik eta korapilatsuenak egiteko, ahalik eta errealitatetik urrunenak, ahalik eta kristalezkoenak.

Bide batez esanda, ze garai ona kazetaritzarako. Kazetaritza, krisian? Bai zera. Krisia aukera bikaina da kalera atera eta kazetari batek beti egin behar izan zuena eta inoiz ahaztu behar izan ez zuena egin ahal izateko: galdetzeko. Galdetzeko, behin eta berriro.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!