Lur Albizu: Eman euskara elkarri

Euskalerria Irratia 2013ko otsailaren 18a

Azkenaldian, Korrika izaten ari da elkarrizketa askotako gai nagusi, mintzagai. Halako ilusio bat pizten du hamar eguneko lasterketa honek, horrelako zirrara moduko bat eragiten du hainbeste eskutatik pasatuko den lekukoa irudikatzeak, guziona den mezu bat gure herritik, herrietatik mundura zabalduko dugula jakiteak. Ez dira makalak euskarak jasan behar izan dituen trabak, oraindik ere ekidin beharko dituen oztopoak, saihestuko ditugun debekuak.

Euskal Herria osoa bisitatuko du korrikak: hiriburuak, herri txikiak, eremu euskaldunak, erdaldunak... Ikusiko ditugu jende kopuru handiko kilometroak, eta baita pertsona bakarrekoak ere. Oihukatuko dugu ozen, edo ez dugu oihukatuko. Bizkor eginen dugu lasterka, Baionara garaiz heltzeko; edo motel, hiriko kale estuetan ezin sarturik egonen garenean. Zeharkatuko ditugu Andoain, lazkao, Olazti, Atarrabia, Biurrun, hazparne, Zilbeti, Erronkari, Kastejon, Sartaguda, Agurain, Galarreta, trebiñu, Elgoibar, Oñati, Hendaia, Baiona. Leku bakoitzean desberdin biziko dugu (dute) korrika, abiadura ezberdinean eginen dugu lasterka, batzuek ez dugu kilometro pare bat baino gehiago agoantatuko, beste batzuk ordutan ibiliko dira, gelditu gabe, nekaezin.

Bakoitzak bere lasterketa propioa eginen du, nork bere erritmo propioan ekinen dio pausuak emateari. Baina denek egiten dugu amets euskararekin, guziek dugu euskaraz bizitzeko ametsa helburu. Horrelakoak dira gure herriak, horrelakoa guzion herria: desberdintasun guziak albo batera utziz, guziok elkarri euskara emanez joanen gara gure helmugara, korrika.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!