Edurne Begiristain: “Hau kate bat da”

Euskalerria Irratia 2013ko otsailaren 18a

“Hau kate bat da, trenbide bat. Gelditu aurreneko geltokian nahi baduzu, edo egin bide osoa bestela, baina hemen denak kantatzen dute. Zuk aukeratu non geratu. Aurreneko trenan kantatzen baduzu gutxiago sufrituko duzu, eta inkomunikazioa bukatu bitartean izango duzu ohea eta gela”.

Duela hamar urte igoarazi zuten Martxelo Otamendi tortura eta tratu txarren trenera. Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Pello Zubiria eta Xabier Oleaga ere katean sartu zituzten. Infernua ezagutu zuten. Hamarkada bat igaro da, eta oraindik haien testigantzek burrunba egiten dute gure barruetan.Etzi hamar urte beteko dira Euskaldunon Egunkaria bortxaz itxi zutenetik, eta tortura salaketa lazgarri horiek hotzikarak eragin zizkigunetik. Hamar urte bete diren honetan Torturaren kontrako eguna aukeratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak torturen salaketa instituzionalean lehen urratsa egiteko. Han egon dira Otamendi bera, baina baita Agurtzane Juanena, Maialen Eldua, Gurutze Iantziren ama eta ahizpa, eta Mikel Zabaltzaren arreba. “Ikertzen dela ikustea da torturatu batek jaso dezakeen erreparazio onena». Horietxek Otamendik ekitaldian esandako hitzak.

Hitz horiek esan eta bi egunera eskatu du Iñigo Lamarca arartekoak tortura salaketak ikertzeko. Ikertzeko aukera ematen ez duten gune ilun asko daudela esan du, eta salaketa asko daudela ebazpenik gabe.

Otamendiri ongi gogorazi zioten torturarena kate bat dela, trenbide bat, eta ez zioten esan baina argi utzi zioten infernura egingo zuela bidaia, beste denek beste alde batera begiratzen duten bitartean. Tren hori oraindik martxan dago.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!