http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2013/02/aitoretxarte20130218.mp3Harresia nekatu da eta lurra hartu du. Horma tentea zena etzan egin da. Auzoko bazterrean gertatu da, apaiz zaharren egoitzaren parean, zakur-kakaz mukuru dagoen eremuan. Ez da bere sasoirik onena!
Jito Alaia eguzki aroaren txokoa izan zen. Han topatzen ziren anabasa ederrean ijito umeak, adin guztietako paioak, emakumeak solasean eta josketan, Potoli ahaztezina, Pajaricos eta Rumba bikotea eta, egun handietan, Txitxan pilotaria. Pilota partida ahaztezinak jokatu dira ezkerreko pareta beldurgarriari erreparatuz, txiloen artean, ikusleen algara izugarrian. Auzoaren plaza izan zen luzaro.
Gero ijitoek alde egin zuten, haurrak etxeratu ziren eta xiringak nagusitu. Luzaro itzali zen bertako argia. Garaiko Jito Alaiak zuloa egin du batzuen biografian, galdutako denboraren metafora delako.
Blaise Pascal jakintsuak esan zuen: “izatearen bihotzean amildegi mugagabea datza”. Eta Charles Baudelairek luzatu zuen: “Pascalek amildegia zuen, bertan bizi zen/ Ai! Dena da amildegi, ekintza, ametsa/ Hitza! Eta nire bilo tentearen gainetik/ beldurraren haizea pasatzen sentitzen dut”.
Harresiaren gainbeherak sortu duen begi erraldoiak esaten digu jostaketa orainak sortzen digun mina eta izuaren aterpea dela.