Josu Jimenez Maia: Kea, kea, kea

Euskalerria Irratia 2013ko otsailaren 14a

Orain dela hilabete gutxi batzuk Joseph Steele apaiz irlandarra hil zen. 71 urte zituen, eta azken urteak erretiraturik eman zituen Kimmage Manor apaiz-etxean, Dublindik gertu. Lasai hil omen zen erretiroan, bake santuan; lasai eman zituen azken urteak, Joseph Ratzingerrek ere egin nahi duen antzera.

Joseph Steele apaiza sei sexu-delituengatik epaitu zuten 1996ko otsailean. Apaiz honek aitortu eta barkamena eskatu zuen hamaika sexu-erasoengatik. Delituak gertatu ziren Eliza Katolikoak Belfast hegoaldean duen mutiko-etxe batean, baita Bigarren Hezkuntzako neskatilen institutu batean ere. Sei delitu horien ordainetan bi urte eta erdi eman zuen kartzelan.

Hil aitzin berriz epaitu eta zigorraren zain zegoen, beste bi gazteri, bi anai-arrebari, sexu gehiegikeriak egiteagatik. Beste hamar sexu-delituengatik epaituta egonagatik epaiaren zain apaiz-etxean eman ditu azken urteak, eta ez kartzelan; hil eta gero ere, ohore guztiekin lurperatu dute Crumlin-en, Dublindik gertu. Espetxera joan gabe eta zigorra bete gabe hil da 71 urteko apaiz hau.

Orain ere Joseph Steele apaizak onartuak zituen bost akusazio mutikoari eraso egiteagatik eta onartua zuen, halaber, beste kargu bat neskari eraso egiteagatik. Joseph Steele apaizak aitortu eta onartu zituen, segur aski ederki zekielako merke atera behar zitzaizkiola haren gehiegikeria horiek guztiak, eta bazekielako, gertatu den bezala, espetxe-zigorra bete gabe hilko zela. Eliza Katolikoaren boterearen garroak oso urrutira heltzen dira; kontu jakina da Nafarroan, baita Irlandan ere.

Tamalez, pedofilia kasu hau ez da, ez bakarra, ez bakana, beste bat baizik. Joseph Ratzingerren agintaldian abortatzeko eskubidearen kontra edo kondoia erabiltzearen kontra Elika Katolikoak egin dituen ahaleginen herena egin izan balu pedofilia-salaketak argitzeko eta zigortzeko... Irla berdean larre guztia ez da pagotxa; Irlanda han da, baina han eta hemen, Vatikanoan eta Dublinen, sotana beltzaren azpian ezkutatzen dira agure lizunak. Hori ez dizute kontatuko datozen egunotan Vatikanotik, entzule.

Gaur, Hausterre Eguna; gaur hasi da garizuma, eta garizuma bezain astuna izanen da komunikabide jakin batzuetan katolikoen erretolika gogaikarria: Guardia Suitzaren historia hünkigarria, konklabearen xehetasun bitxiak, Aita Santu izangaien biografia interesatuak, jantzien oparotasun txundigarria, hildako aita santuen panegirikoak, Kapera Sixtinoaren deskribapen doktrinalak eta, amaitzeko, fumata bianca-ren kea. Ez itsutu! Den-dena kea da: kea, kea eta kea, sotanen azpian gorderik dituzten gehiegikeriak —eta ez bakarrik sexualak— ikus eta atzeman ez ditzagun.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!