Xabier Barber: Joseph eta besteak

Euskalerria Irratia 2013ko otsailaren 13a

Erromako Aita Saindua, Benedikto XVI.ak, dimititu egin du. Karguaren betebeharrak ezin dituela behar bezain ongi kudeatu eta beste eskuetan uzten dituela. Ez dakit atzean beste arrazoiak (interesen guda edo) dauden ala ez; baina esan duena ontzat ematen bada, txalotzeko erabaki baten aurrean gaude. Beraz, txaloak.

Hemen, gure Nafarroa maitean, hain katolikoak omen diren batzuek eta ez hain katolikoak diren beste batzuek, lurraldeko gaiak esku artean eduki dituztenek eta edukitzen ari direnek (30 urte luze jada), gauza bera egiten ahalko zuten.

Nafarroako Kutxa, Nafarroako kanala, Urantziako zirkuitoa, Reyno Arena, Abiadura Handiko Trena, Gendulaingo afera, Osasungintza publikoa… udal asko eta Nafar Gobernua bera hain era okerrean kudeatu dituztenak argi eta garbi uzten ari dira ez direla kudeatzaile onak. Ez, guttienez, herritarron interesen aldetik. Gainera, horietariko batzuk (dakigunez, askoz ere gehiago direlakoan nago) ustelkeriaren mugetan mugitu egin dira, barruan ez bada.

Beraz, Gobernua utz dezaten. Herriaren eskuetan utz dezaten erabakia, ea gu gauza garen beste kudeaketa eredu bat eraikitzeko, ea beste pertsonak aukeratzen ditugun betebeharra (publikoaren kudeaketa) aurrera eramateko, gure parte-hartzearekin, beste moduz. Plazer handiz txalotuko genuke.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!