Auto horia ikusten dut, zuhaitz zuriaren azpian. Elurraren zamak bota du zuhaitza ibilgailuaren gainera. Gasteizen izan da. Negu gorriaren argazkiak dakartzate inguruko egunkariek: elur-geruza ez-ohikoak, uholdeak, luiziak, kamioiak errepideetan gurutzatuta… Herri batzuetan, inauterietan, gazteak kantuan. Eta, baserri apartatuetan, elurretan trabatuta, zaharrak erausian.
Negu gorriaren aurpegiak, horiek. Baina, beltza izaten ere badaki neguak. Mallorca-n, Mediterraneo epelagoan, lagun bik beren buruaz beste egin berri dute. Botikaz lepo, agur esan diote neguari. Arrazoia? Bankuarekin zuten hipotekari ezin eustea. Beren etxetik bota behar zituztela hartu dute erabakia, azkena. Negua, gorri. Negua, beltz.