"Elur malur ez naiz zure beldur, etxean baitaukat nahikoa arto eta egur", baina halere etxetik atera behar izaten da lanera, eskolara edo dendara joateko eta elur metatuak traba dexente jartzen ditu horretarako. Autoa hartu nahi izanez gero, kalean aparkatuta badago, lehenbizi elurra kendu beharko diozu gainetik. Pala eskuetatik utzi gabe, kalean ere bidexkak zabaldu beharko dituzu alde batetik bestera mugitzeko. Zabor ontziak ere libratu beharko dituzu lehenbizi zaborra bota ahal izateko. Eta kasu eman teilatuetatik erortzen ahal zaizkizuen "ezustekoekin"! Halako eguneroko kontuak adierazi dizkigu Martin Saragueta, Aurizperriko liburuzainak.