Gaizka Aranguren: Ratzinger Z badoa

Euskalerria Irratia 2013ko otsailaren 12a

Ezin izan diot izenburuari uko egin. Pentsatzekoa da Ratzinger eta Mazinger izenen arteko alderatzea berria ez izatea, baina oraintxe bururatu zaidanez... Zilegi bekit.

Aita santua badoa. Erromako Eliza Katolikoaren buruak uko egin dio karguari. Lehenengoa izan da azken 600 urteotan eta ezustekoa izan dela adierazi dute Vatikanoko eledunek.

Duela bi aste bukatu nuen "Luz del mundo" ("Munduaren argia") liburuaren irakurketa. Peter Seewald kazetari alemaniarrak Benedikto XVI.ari egindako elkarrizketak biltzen ditu liburuak; hau da, GARAk Arnaldo Otegirekin egiten duen antzeko zerbait.

Liburua duela bi hilabete inguru oparitu zidaten, maitasun osoz, eta maitasun horrekiko begiruneagatik ekin nion irakurketari. Izan ere, maitasuna tarteko egon izan ez balitz nekez eskainiko nion minutu bakarra gaiari. Egia erran, espero nuen bezala, liburua ez da bereziki gomendagarria. Orrialde gehienetan agerian gelditutako apaizen sexu gehiegikeriak dira aztertzen. Eliza katolikoak barkamena eskatu behar duela, danok garela bekatariak eta gauza guzti horiek.

Bada bertze gairik liburuan. Arrrazoitik fede kristaura iristeko bideak badirela azpimarratzen saiatzen da Ratzinger pasarte azpimarragarrienetan, baina ez du Santo Tomasen eraginkortasuna gainditzen.

Komunista ateoa izan omen zen kazetari katoliko-apostoliko-erromatarra batetik, eta eliza katolikoaren agerpide dogmatiko eta kontserbadoreena izan den garai bateko apaiz progrea bertzetik.

Orain, Benedikto XVI.ak Aita Santu karguari uko egin dion honetan, damu naiz Munduaren argia izeneko liburuari nire loaldien ordu batzuk oparitu izanagatik. Galdutako denbora izan zen; maitasunagatik galduta, hori bai.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!