Edurne Begiristain: Ustelkeriaren itzal luzea

Euskalerria Irratia 2013ko otsailaren 11

Ustelekeriaren fenomenoa pil-pilean dago, Espainian Barcenas eta Urdangarin auziek eztanda egin dutenetik. Eskandalu horiek ez dute estali, hala ere, gurean izan diren bestelako irregulartasunak, azkena, Nafarroan bertan, CAN auziarekin. Baina badira gehiago: duela bi urte Arabako EAJko hainbat buruzagi inputatu zituzten ustez ustelkeria, eroskeria eta espioitzak egiteagatik eta aurki hasiko dituzte batzuk epaitzen. Soka, baina, are luzeagoa da: Guggenheim museoa, Bizkaiko Foru Ogasuna eta Irungo Foru Ogasuna, Jon Jauregi afera, Sondikako Aireportuko zuzendariarena, Gasteizko udaleko irregulartasun urbanistikoak, Getariako Balentziaga Museoa, Laguardia eta Bastidako golf zelaiak....Bata bestearen atzetik atera dira ustelkeria auziak. Luzea da itzala. Salbuespena izan behar zuena, ohikoa bilakatzeko bidean da. Honezkero, nago, ustelkeria kasu berri batek ez lukeela inor ezustean harrapatuko. Ohitzen ari gara. Azkarregi.

Alderdi politiko ia denak zipriztindu ditu, noizbait, ustelkeriak. Hedatua eta errotua dago.

Eta merke ateratzen da ustel aritzea. Zama horrek ez die gehiegi pisatzen politikariei, hauteskundeetan ez dutelako herritarren zigorrik jasotzen. PP da horren adibide lazgarriena: Gurtel, Fabra, Palma Arena,… afera horiek guztiek ez dute lortu alderdia higatzea, kontrakoa baizik, Espainiako gobernuko agintera iritsi baita alderdia eskandalu horietan kakaztuta egonda ere. Arazoa, beraz, sakonago da, eta herriaren kultura demokratiko ezan dago. Sistemak berak huts egiten du, bai, baina oker geundeke erru dena sistemari eta politikari ustelei egotziko bagenie. Iruzurrak badirau, hori onartu eta ahalbidetzen duen gizarte bat dagoelako da. Eta hori bada arriskutsua, iruzur egiten duten politikarien jarrera baino askoz arriskutsuagoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!