Elixabete Garmendia: Kandelak

Euskalerria Irratia 2013ko otsailaren 7a

Batzuetan zaila gertatzen da argazkiak ulertzea. Zer egiten dute Alberto Catalanek eta Yolanda Barcinak plastikozko ontzitan sartutako kandela bana eskuan hartuta? Argazkia Xabierren aterata balego, edo Iruñeko katedralean, edo Nafarroako beste edozein elizetan, ulergarria litzateke, baina ez daude toki sakratuan, beste eraikin mota publikoren batean daude, han barrenean, seguritateko kontrolaren atzean ikusten den jende taldeak adierazten duen bezala. Ze ekitaldi ari ote ziren inauguratzen?

Argazkia ulertu ezin, baina ez zaio mamirik falta. Hasteko, elkarri aurpegia emanda daude biak, baina begiradak ez dira gurutzatzen, serio erabat, bakoitza bere argizarian kontzentratua. Argazkia atera zenean –uda garaitsuan, jantzien arabera- ez dakit jada Barcina eta Catalan dibortziorako bidean ote zeuden. Gaur ikusita, badirudi baietz, bien arteko komunikazioa lehen arrakalak jasaten ari ote zen.

Dibortzioek apenas izaten duten argazkirik, ez behintzat ezkontzen parekorik, baina Joserra Senarren gaurko kronika ilustratzeko argazki hau aukeratu duenak asmatu du. Kontua da kandela horiek jesusen bihotzen baten, edo ama birjinaren baten edo san balentinen baten arreta ez ote duten piztuko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!