Letxuga egosia, ilarbila beltzak, ogi kiskalia eta jogurt beroa. Horixe Mediterranea de Cateringen menu goxoa gaurko. Komeniko litzaiguke jakitea zenbat gutun-azal joan diren tartean, Valentziako PPren inguruko enpresa horrek horrelako kaosa egiteko baimena jasotzeko. Eta Vera, Barcina eta enparauek ohiko azala agertu dute: abertzaleek dugu erru dena. Bazka. Zerrientzako bazka ospitaleko azpiletan zerbitzatuta ere, zerrientzako bazka da eman nahi diguten bakarra. Horixe baikara eurentzat.
Eta izanen da Euskalerria Irratiak ez duela gutun-azalik bete Carlos III etorbideko jauregirako. Nola nahi dute, bada, horrela lizentziarik jaso? Euren jokoan sartu ez, kritikatzeko gaitasuna izan, eta lizentzia nahi? Letxuga egosia eta jogurt beroa bezala, gure bazka dira UPNkoak ere. Zerriak ase eta isilik egotea bertzerik ez dute nahi. Kontent aski bizi dira, Kontseilari izateak eskatzen duen sakrifizioa gutun-azaletan konpentsatuta jasotzen baitute, Del Burgo postaria dutela. Iritsiko al zaie sanmartin eguna? Gu euren ustelkeriaz, korrupzioaz, irainez eta harropuzkeriaz nazkatuta gaude, ase. Ez dugu bazka gehiago nahi. Alde egin dezatela, bertzerik ez.