Donostiako egunkari batean aurkitu dut gaurko argazkia; ederretan, ederra. Lehen orrialdearen erdia betetzen du. Itsasoa erakusten du, itsaso harrotua. Argazki oinak honelaxe dio: Axi Muniain Zarauzko surflaria, olatu erraldoien artean, Portugalen, Nazaré delako kostaldean.
Balentria ikaragarria, zarauztarrarena, olatu horien artean.Eta, horri erreparatzen niola, irratian entzun dut Ozeano Bareko tsunamiarena. Salomon uharteetan izan da, guretzat Australiatik gertu dauden irla exotiko horietan. Lurrikara indartsu batek olatu erraldoia altxatu du. Herrixkaren bat eraman omen du aurretik.
Zer den naturaleza eta zer den gizakia… eta zer nolako harremanak eraikitzen ditugun bion artean.
Gaurkoa bezalako egun ekaiztsu batean, ematen du zer pentsatua horrek.
Izan ongi, entzule. Gaur zortzira arte.