Denok espero genuen momentua heltzen ari zaigu, egia jakiteko momentua, alegia. Mari Paz Benito Osés epaileak, Kontuz taldearen salaketa bideratu du eta Nafarroako Aurrezki Kutxan politikoek egindakoa jakiteko atea zabaldu digu.
Jaime Ignacio del Burgo, Calixto Ayesa, Yolanda Barcina, Enrique Maya... azken urteotan politikaren duintasunaz, botereaz eta legezkotasunaren irakaspenak egin dizkiguten pertsona hauen kontuak, pausuak eta zenbakiak ezagutuko ditugu hein handi batean, izan ere Nafarroako Aurrezki Kutxan 2002tik 2010 urtea arte egindako auditoriak eta kontabilitatea aurkeztu beharko baitute auzitegian.
Gezurra dirudi urte hauetan Iruñea eta Nafarroa garbitu nahi zutenak auzitegian haien intimitate kontableak aurkeztu behar izatea. Gezurra dirudi konfliktoaren biktimen izena errepresio globala bultzatzeko erabiltzen zuten hauek orain auzitegiaren zerrendetan egotea. Gezurra dirudi Iruñea justuago baten aldeko borrokak kriminalizatu zintuzten hauek orain kriminal izatea.
Ez dugu ahazten 2002tiko 2010 arteko urteen gogortasuna, eta higiezinen burbuilari esker egindako obra eskandalagarriak Baluartea, El Corte Inglés edo Reyno de Navarra Arena bezalakoak. (Kasu! Eraikuntza enpresa aunitzen izena agertzen da diligentzian ere)
Hori ez da okerrena. Haien botere politiko eta ekonomikoa erabiltzen politikaren arteak bultzatzen duen errespetua, elkarrizketa, elkar-ulertzea eta eztabaidari zilegitasun osoa kendu eta horren ordez kriminalizazioa, errepresioa, bortizkeria, kartzela zigorrak eta gorrotoa bultzatu izana da okerrena.
Guk arrazoi genuen gaztetxearen hustuketaren aurka borrokatzen 2004an, edo Nafarroako Ubidearekin bat ez egiten. Zilegi zen Arantzadiko baratzeen desagerpenaren aurkako apustua, baita auzoetako jai eta Olentzeroen aldekoa ere, zilegi izan da Euskalerria irratiak lizentzia izateko lana... nahiz eta UPN-n zeuden guztientzat Iruñea justuago baten alde lan egin dugunok Iruñearen aurka egiten genuen lan.
Baina gezurretan ari ziren, haiek ez zutelako Iruñea edo Nafarroa hobe edo justuago bat nahi. Haiek dirua besterik ez zuten nahi. Gure dirua. Eta horretarako zeuden politikan. Gu haien etsaiak izan gara eta haien problemen diskurtsoen subjektu bilakatu nahi izan gaituzte, baina hori ez zen egia, hipokresiaz baliatu izan dira errealitateaz mintzatzeko lapurretan ari ziren bitartean.
Horregatik Argentinatik ekarritako lelo maitagarri eta errepikatua erabiliko dugu egi osoa jakin arte: “Doazela denak, ez dadila inor gera”.