Mariano Rajoyk orain arteko markarik lotsagarriena hobetu duen prentsaurreko mota berria asmatu du.
Marka hori, orain arte, galderarik gabeko prentsaurrekoen asmatzaileak zuen. Ni kazetarien aitzinean jarriko naiz, nire sermoia botatzeko, baina inork ez dezala galderarik egin, hori debekaturik dagoelako.
Gure artean ere asko dira horrelakoak egin dituztenak. Eta nik dakidala, oraindik ez dute entzun kazetari guztiek, aho batez, horrelakoetan esan beharko luketeena: ez baduzu galderarik nahi, zoaz pikutara, bakarrik utziko zaitugu zure sermoia ematen, gu kafetxo bat hartzera goazelako. Gainera lana erraztu diguzu, argi daukagulako zer esan edo idatzi honetaz: ergela zarela, galderarik gabeko prentsaurrekoa antolatzen duen batek ez baitu beste izenik merezi.
Esan bezala, espainiar presidenteak larunbatean marka berria lortu zuen. Kazetariei deitu eta telebista batetik hitz egin zien. Galderarik ez onartzeaz gain, aretoan agertu ere ez baitzuen egin nahi.
Kaka usaina jasanezina delarik, badakit esandakoa ez dela garrantzitsuena. Baina komunikazioaren kudeaketa oso esanguratsua da, demokraziaren kalitateari dagoelako loturik.
Hemen ere, Nafarroan, horri buruzko enegarren lezioa eman ziguten pasa den astean, irrati lizentzien banaketan.