Aitor Etxarte: Hezkuntza supermerkatuan

Euskalerria Irratia 2013ko otsailaren 4a

Hezkuntza merkatuaren atala dela aurrematrikularen garaian nabarmena da. Salgai dagoen edozein produktuarekin bezala, publizitateak okertu, makurtu edo, zuzenean, engainatzen du. Aste hauetan ikastetxerik tristeenak ere aldarrikatuko du zuzentasunak eta arrakastak agintzen duena: hamaika hizkuntzetan trebatzen dituela ikasleak, emaitza ezin hobeak lortzen dituztela, gurasoekiko tratu hurbila, hipika jarduerak, tabletak hiru urtetik aurrera edo elkartrukeak Zeelanda Berriko familiekin egiten dituela.Anabasan itota garenean lagungarri izaten da mundu zabalean gertatzen dena aztertzea. Madril eta Iruñeko gobernuek eredu anglosaxoiaren lehiakortasuna buruan dutelarik, hona hemen bertakoen bi balorazio esanguratsu.

Fiona Millar hezkuntzan aditua da eta goi mailako ardura instituzionalak izan ditu, adibidez, Tony Blairren gobernuetan. Emaitzen kontura dio: “Ikasleen azkeneko emaitzetan eskolaren eraginaren inguruko estimaziorik hoberena ez da %20ra iristen. Erabakigarriagoak dira gurasoen formazioa eta gaitasunak edo etxebizitzaren ingurugiro geografikoa”.

Neil Kinnock Brithish Councileko lehendakaria da. Aurretik, besteak beste, Alderdi Laboristaren buru edo Europako Komisioaren lehendakariordea. Orain gutxi esan du: “Argudio ergela da ikastetxeen artean lehia sortzen badugu emaitzak hobetuko direla. Lehia, garbi dago, babarrunak edo larruzko berokiak hobetzeko balio duela, kotxe eta telefonoen diseinurako, baina ikastetxeetara aplikatzea kirtenkeria da, inor ez delako toki beretik hasten.”

Dirudienez, hezkuntza ez da azala edertzeko krema, edo ardoterapia saioaren parekoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!